theme.kaioa.logo.alt
euskadi.net

Egunkariaren edukia

ASTEKO IPUINAK

 

SAUSTRELA:Edorta Jimenezi egindako elkar


 

Atoiuntzia

Edorta Jimenez

Epilogoa

Hilerritik begiratuz gero, han behean ikusten da herria. Herritik begiratzen bada, hor goian ikusten da hilerria. Herriko muinorik borobilenean dago hilerria, koroi gisa. Itsasotik ikusten da hoberen. Eguzkiak egun guztian jotzen du, iparmendebalerantz begira dago eta. Ez baledi gorpuak ereiteko ildo bilaka izan aspaldi, mahastiak landatzeko leku aproposa izan zitekeen. Bertoko ardaoa egin genezakeen, sekula ere ontzen ez direnetarikoa, zuria, ezkutuko leku hoztsuetan gordetzekoa.

Gutxitan igo izaten naiz bertaraino. Inguruetako lizarrek gerizpe gozoa eratzen dute han eta aintzinako harriez eraikitako hormetan goroldioa eta huntza hazten dira, sugandila eta inurrien gordelekuetako atetak diren zirrikitu eta irtenetan gora. Ororen izpilua da kanposantua, hitzez aldatuta, han egonez gero ez bait datorkio egoki hilen herria esatea. Hilen herria gaua da, ahor egia. Gaua gauekoentzat eta kanposantua gorpuentzat. Amuma gurea ere hortxe dago. Berarekin eroan zituen azken sineskeriak. Hango bazterrean amankomuneko fosa egon zen. Italiano mordoa lurperatu ei zuten hor. Amumak ezagutu zituen batzu. Halaxe kontatzen zigun behinik behin, Señora, donde están las mujeres bonitas en este pueblo. No haber, ir se han hecho. Egia, alaba gazte guztiak, mutilak, umeak, Bilborako bidean abiatu ziren, gauez, hegazkinen bildurragatik, egunez joanez gero ametrailatu egingo zituzten eta. Bilbon untziratu ziren, gure ama eta. Itsasoan dagozela ja, ume guztiak kubiertan, argazkietan ikusia izan behar duzuen moduan egon ere, hara non agertu den gerrauntzi faxista hura, Cervera izenekoa. Hura dardara, hura ikara, hura estura, haiek aldarriak. Gure amak negar egiten zuen berrogeitaz urte beranduago, berriro gogoratzean. Tiro egin barik igaro zen Cervera hura, aitzitik.

Liburuetako argazkietan begiratu izaten dut, jakinguraz, hor ote da gure ama, hauetariko baten bat ote. Nora eroan zuten ere ez dakit eta, penaz igarriko nuke halakorik nik. Kanposantu honetan ere argazkiak ipintzen dituzte batzuk hilobian. Eta zer da orain aurpegi hori, une bakarreko bisaia, keinu jelatua, behiola bero ibili izaten zen odolak eragindako hazpegi jada desagertua? Hemen ez dagozenen argazkiak ikusiko nituzke gogoz. Itoenak esan gura dut. Hemengoak baino ildo sakonagoetan erein ditu Heriok urpetan.

Hamabiko galarrenak eroan zituenak, esate baterako. Zefe alargun, umezurtz eta nebagabeko utzi zuen itsasoak. Hirurak, senarra, aita eta neba kendu bait zizkion bidean zekarren umea ezagutu barik. Ordurik aurrera, behar atera behar bizimodua. Makinatxo bat bide egin izan zuten haren oinek. Agertu ziren itotako baten batzuren gorpuak baina, ez honen andra gazte honen bihotzekoenenak.

Gorpurik agertzen ez bazen, oihal beltzaz estalduriko sasi-katabuta ezartzen genuen, geuk, monagilook, aldare aurrean. Behar bat kentzen ziguten, kanposanturaino joan beharrekoa hain zuzen. Ez dagoz hemen. Argonauta galduak dira, urpetan barrena betirako. Hemengoak baino leize sakonagoak, ordoki zabalagoak, alderantzizko gailur itzalagoak, hangokoak, urpetakoak.

Jostun itsuak bategiten ditu gure bizialdiko adobakiak. Ito senarra, semea ere ito, bigarrenez ezkondu da ama. Bigarren senarra ere marinela da eta bizirik geratzen zaion semea itsasora dabil. Jostun itsusia da itsasoa bera. Jausitako hegazkinen zatiak ekartzen ditu eta bizion hegalak osorik ebakitzen daki.

Zuhaitz sustraiek sare itzela josten dute lurpean, adaburuekiko simetrian. Halako kapsula kosmikoa eratzen dute. Horrexen altzoan dagoz denak.

Lurrazalean berriz, panteoiek eta gurutze arruntek mugatzen dute oroigarri multzoa. Ugerrak jaten ditu gurutzeko burdinak, ederto hazten dira likenak harri eta marmoretan zabal, izena ahaztuta dituzten bedarrek intsektuak erakartzen dituzte eta, hara, bizirik geratzen diren astoetarik bakanen batek arrantzaka egiten arratsari.

Argonauta itoek ez dute oroigarririk ez bada gura begiradari egonezina ekartzen dioten ur-gorataldi eta beherataldi etengabeak. Nork landu du harria, harea bilakarazi arte, iruntzitarako errota horrexek baino. Norbera hil eta batera amaitzen da norberaren denbora. Kainonazoek hondorako bidea zabaldu zieten gure Bouei. Heroeak izateko nahikoa da lehorretik so ditugun begiak.

Jerarkiarik gabe, heroeak den denak. Letra haundiz idazten diren izenak ofizialenak badira ere. Ez gaitu bat egiten heriotzak. Barranderoa kalean hil da. Bat denik aberatsekin horko burubuila kosmikoaren barruan, ezin sinestu dut. Haren semeek ez dute zaina zulatzen. Garunaldean dute zuloa. Oroigailuko ate guztietan jotzen du, aita hilaren aurpegia berrikusi gura duen umearen minak. Zulo itzel bana dute ate guztiek beste aldean.

Zuloa dut neuk ere orogailuan. Ezekielen irudia azalaratzen zait, zuloan gora. Hor nonbait egon behar du ehortzita. Itsaso guztiak ibilitako gizona, lehengusuari txikitan dirua ematen ziona. Ez tabakorik erosi gero! bota zigun behin. Artean, ez genuen zortzi edo bederatzi urte baino. Hirurogei urtean egunero egunero pakete bi erre izan dot nik —jarraitu zuen esaten—, rubioa gainera; eta, hara! orain utzi egin behar.

Ezekielen hitzek itsaso eta mentura guztietako oihartzuna ekarri zidaten, lipar nimiño batez. Lehorretik inora aldatu gabe, hitzek ekarri digute mundua. Bada, hor nonbait egon behar du ehortzita bai. Robert Louis Stevenson-en harako liburu estrainoa hartuta ibili izaten zen. Ingelesez bide zegoen ez bait nuen azalekoa ulertzen «Underwoods» izeneko poema bilduma izan zela sinestu gura izaten dut. «Behebasoa». Stevenson.

Ezekielen hilobia aurkitu eta Stevenson bere pean gordetzen duen harlausako hilartitza jarri niezaioke. Kanposantuko guztiei jarriko nieke, likenek utzitako tarteetan; Stevensonek berak hurrengo bertsoetan eskatu zuena:

Egin ene hobia eta utz nazazue bertan

Zeru zabal eta izartuaren pean.

Pozik bizi izan naiz eta pozik noa.

Mesede bat, ordea, erortean.

 

Jarri bertso hau ene hobian:

Berton datza, luzez gurata bezala.

Menditik etxera dator ehiztaria,

Itsasotik etxera marinela.

 

 


 


Bilera

 
 


Maite Lazkano

        Bilera bihar ospatuko da, hamaikak eta erdietan punttu-punttuan, Urgullen Manco izeneko iturritik iristen den lautadatxoan (nire jabeak beti Gaztelu deitzen dio eta nik ez dakit zergatik eta berak ere ez). Dena dela, ez da izango pertsonak deitzen diren bi hankako animalia horiek egiten dituzten bezalako bilera, hori seguru.

      Gure Lehendakariak dioenez, pertsonak, nahiz eta azken urteotan arazoaz asko hitz egin, ez dira gehiegi interesatzen Naturaz, eta Lurra menperatuz hainbeste mende daramatzatenez, hau azeriak bezala ari dira uzten. Beno, azken hitz hau aipatzean ez ditut lau hankako azeriak adierazi nahi, ezta pentsatu ere. Ez ditut ezagutzen baina oso jende ona omen da eta, jakina, ez daukate inola ere gertatzen ari denaren errurik. Hain da larria gertatzen ari dena ezen hekatonbe bihur baitaiteke.

      Gure Lehendakaria Pirinioetako artzanor zahar bat da, eraman eta inpartzialtasun handikoa, baina kualitate biak galtzear aurkitzen da gure inguruan burutzen ari diren deskalabruak ikusita. Ni Idazkari izendatu nau oso ondo ez jakin arren zergatik. Agian beti erne nagoelako, memoria onekoa naizelako eta baita jenio txarrekoa ere. Alde guztietan behar da norbait jenio eta tenperamentu pixka bat izango duena. Baina pasatu gabe diktadore bat bailitzan. Guk diktadoreekin ez dugu ezer jakin nahi.

      Hor zehar dabiltzan animalien artean nik aurkitu ditut aholkari konpetenteak. Geure artean beti ongi konpontzen ez garenez, tregoa bat ezartzea erabaki dugu, gutxienez ordubetekoa, honela bakoitzak, katuak, zozoak, usoak, txolarreak, trikuak eta nahi duen guztiak adi-adi entzun eta gero derizkiona azal dezan.

      Badakit aurrez oso bilera berezia izango dela, ez ohikoa, baina konbentzituta nago ezin hobeto aterako dela. Ziur nago, behintzat, gai honetaz pertsonek egiten dituzten bilerak baino okerragoa ez dela inola ere izango. Ez dira behin ere ados jartzen. Ez hori bakarrik, akordio-paperak sinatu eta sinatu egin arren, gero batere ez dituzte betetzen.

     Eguraldi ona eskatzen dut, horixe, ahalik èta jende gehien etor dadin. Halaber eskatzen dut ohara legokeen emerik ez dadila nire inguruan jarri, gehiegi aztora ez nadin. Ama Natura, bihar atera dadila eguzkia!

      Eta bai atera ere eta nolakoa! Goizean jaiki eta muturra gozarazi didan eguzki zoragarria.

      Nire jabea, eguzkia ikusi orduko, erotuta jartzen da eta Kontxa osoa zeharkatu dugu eta apenas utzi didan hanka bizpahiru zuhaitzetan jasotzen.

     Hamaikak laurden gutxitarako Matxon geunden. Ni jabea baino lehenago iritsi naiz, Lehendakariari abegia eman eta jakinaren gainean jar nazan.

     Ekologiaz eta Ingurugiroaz mintzatuko zaigula esan dit. Jakintsua da, hori bai, nik ez baitut tutik ere ulertu. Inoiz entzun gabeko hitzak harrotu dizkit, baina esplikatuko dizkigu, ez egin dudarik.

      Lautadan dezente jende zegoen bildua. Usoak, zozoak eta txolarreak mokoka soropilean, birigarro urduriak eta antxeta batzuk harrizko horma gainean, katuak bazterretan uzkurturik eta txakurrak alde batetik bestera korrikan.

     Lehendakaria hor zehar hautsita dauden eskulturen arteko baten ondoan jarri da eta erabateko isiltasuna eskatu du. Denok hilda bezala mutu; txolarreek berek ere, aski lerdoak izan arren, mokoka aritzeari utzi egin diote. Poliki-poliki entzule gehiago inguratu da, denak isil-isilik. Eta hitza Lehendakariak hartu du:

— Lagun eta adiskide maiteok, lehenik eta behin zuen inguruan begiratzeko eskatuko dizuet eta mundu osoa begira eta begira, eta niri guztia berria iruditu zait. Momentu honetan ikusten duzuen guztia, inguratzen gaituzten mendi zoragarri horiek, aldameneko zuhaitz hauek, gutxi zoritxarrez eta agian ez egokienak gure lurralderako, Naturaren parte dira. Zatitxo bat da, oso polita, maiuskulaz, bai, Lurra deitzen diogun gure planeta honetan hedatua, gure gurasoena, aiton-amonena eta arbasoena ere izan den txoko txiki eder hau hartzen duena. Gure asaba zahar askoren bizilekua izandako txokoa.

    Mundu osoa zegoen adi eta geldi, katuak ere gerturatzen hasiak ziren eta ni jadanik ez nintzen otzal zeuden emeez oroitu ere egiten.

— Horra, bada, lagun maiteok, Ekologia, izakiek beren arrean eta ingurugiroarekin duten erlazioa aztertzen duen zientzia. Ekologismoak, beraz, Natura defenditzen du eta kasu askotan, pertsonaren defentsa bere barruan. Gu ere, animaliak garenez, mundu horren parte gara eta Ingurugiroa hondatzen bada, geu ere kaltetuak aterako gara, landareak eta bizia duen edozer gauza bezala, nahiz eta bizia begetatiboa izan.

— Pertsonek mendiak zulatu dituzte trenentzat tunelak egiteko, auto-pila izugarriak daramatzaten autopistak eraikitzeko bailara zoragarriak galkatu dituzte, geroz eta altuagoak diren etxeak jasotzeko parke natural xarmangarriak desegin dituzte...

— Nire jabeak dioenez hori Progresoa omen da —ausartu da pekines kaxkar nazkante bat.

     Nik gustora egingo nion koxka baina Lehendakariak aurrera jarraitu du lasai ederrean.

— Bai, Progresoa da eta Industrializazioa, baina bi gauza hauen aurka zentzuz eta arrazoiz inor ez egon arren, kontu handiz burutu behar dira, prebentzio sakonez, eta batez ere, inolako irabazi-asmo pertsonalik gabe.

— Zer da irabazi-asmo pertsonal hori? —galdetu du norbaitek.

— Dirua, horixe, dirua —erantzun dio Lehendakariak. Gauza bat da Progresoa eta beste bat lotsarik gabe aberastea, gauza bat da Industria eta beste bat ibaiak hiltzea, zuhaitzak desagerraraztea, arnasten dugun airea pozoitzea eta, agian, itsasoa bera ere hiltzea, honela merkeago atera dakiekeen. Konturatzen al zarete zer diodan?

      Eta denak la batera marmarka eleketan hasi dira.

— Nire jabeak terrenoa erosi eta lehenengo egin zuen gauza zuhaitz denak jo eta botatzea izan zen, etxe eder bat bere piszinarekin egiteko, baina guk ezin ditugu jadanik gure habiak egin.

— Asko bidaiatzen duen antxeta batek dio untzi askok, untzi pila handiek, gai toxikoak jaurtitzen dituztela itsasora.

— Nire jabeak hiru baserri saldu nahi ditu errepidea handik desbidera dezaten, baserriak bota eta lurrak elkortu gabe xuxen-xuxen egin zitekeelarik. Andrea influentzia handiko batekin eta bestearekin aritzen da hizketan eta denak oso ongi konpontzen direla dirudi.

— Nire jabeak fabrika bat dauka araztegirik gabe. Beno, nik jakin, ez dakit zer den araztegi bat ere... Nire jabeak norbaitekin adostu eta ez ditu isunak ordaintzen.

— Ni oso finka eder batean bizi nintzen usategi bikain batekin. Nire jabeak saldu egin zuen batekin eta bestearekin hitz egin eta gero eta orain, lehengo finkaren lekuan dorre bat dago, non jendea erruz bizi den.

— Nire jabeek lurralde zabalak zituzten itsasotik urrun eta ez dakit zerekin sulfatatzen zituzten. Animalia asko hil egin ziren, pertsona batzuk gaixotu, baina nire jabeak ez dirudi goibel daudenik. Egoitzaz aldatu dugu eta honera etorri gara bizitzera, baina lehengo lurraldeak ez dut uste saldu dituztenik. Auskalo zer egin duten haiekin!

— Isilik! —oihu egin du Lehendakariak.

     Eta papagai hitzontziak bezala hizketan ari zirenak bat-batean seko mutu geratu dira. Ni, egia esateko, haluzinatua nago.

— Esan duzuen guztia —erantsi du Lehendakariak— ongi ala gaizki egon daiteke. Segun zer eta nola nahi den lortu. Naturak eta Ingurugiroak arau aldaezinak dituzte, hautsi ezinezkoak. Gure Lurra hiltzeko arriskuan jarri dezaketen erradiazioa, kontrolik gabeko kutsadura, isuri kaltegarriak, desertifikazio basatia eta beste gauza asko ekidin beharra dago kosta ahala kosta. Gure planetaren geroa kontuan hartu gabe egingo den guztia gaizki egina dago eta baliteke krimena izatea ere. Ez da gaurko egunean bakarrik pentsatu behar, baita gure ondoren belaunaldi asko etorriko direla ere. Aire ona behar dugu arnasteko, ibai garbiak arrainak ugari bizitzeko, ur gardena duten itsasoak behar dira, bertan arrain txikiak eta zetazeo eskergak bizitzeko. Batez ere planktonik gabe geratuko ez diren urak behar ditugu. Hemen aipatu dizuedan hau, planktona, ur gazi eta gezatan pasiboki desplazatu eta normalean oso txikiak diren organismo animal eta begetal ugariez dago osatua. Hau desagertzen bada itsasoak, ozeanoak eta ibaiak ere ezinbestez hilko dira. Bizileku bezala uler dezakezuen ekosistema ez badute pertsonek errespetatzen, agian diru asko irabaziko dute, agian aberastuko dira eta botere handia eskuratuko dute; baina luzarora, nola lehorrean hala itsasoan suntsipena suntsipenaren gainean, Lurra osorik desagertuko da eta berarekin gu geu edota gure ondorengoak.

     Lehendakaria isildu egin da. Muturra triste eta atsekabetua dauka.

— Hemen gaudenok ezer egin al dezakegu Naturaren alde? —galdetu dugu denok aho batez.

— Bai, geure kaxkarrean ere saiatu behar dugu. Txakurrok utz diezaiogun atzeko gure hankekin soropila eta lore pollitak erauzteari. Halaber errespetatu behar ditugu zuhaitz txikiak beren kontra hanka jasotzen ibili gabe. Orok dauka bizia eta dena da Natura. Katuek ez ditzatela beren azkazalak zuhaitzen azalaren kontra zorroztu. Zuhaitzek ere sufritzen dute eta berdin-berdin dira Natura. Hegan eta mokoka egiten duten animaliek bildu ditzatela hor ikusten diren hainbeste kristal-zati, plastiko-puskak, hemen geure inguruan eta baita jardin eta parkeetan ere ikusten diren xiringak. Dena jaso eta dirudienez pertsonek ikusten ez dituzten paperontzi edo bidoietan gorde ditzatela. Eta zuek, antxeta maiteok, untzi bat hondakin toxikoak itsasora jaurtitzen ikusten baduzue, eskoadrilak eratu eta horrelako ekintzak burutzen dituzten pertsonen aurka gogor ekin. Ikaratu bakarrik, erotu arte, baina mokokada amorratuen biolentziara iritsi gabe. Lehenengo disuasio baketsua behar dugu eta hau ere nahikoa izango ez denean, orduan ikusiko dugu zer egin. Agur lagun eta adiskideok. Atsegin handia izan da niretzat zuei mintzatzea eta nire kontseiluak zintzo beteko dituzuela espero dut.

    Bat-batean ahotsa indartu egin zaio: «Ez ahantzi Natura gure ama dela eta... ze arraiopola!, inork ez du bere ama jukutriaz hiltzeko aiztoa hartzen.

     Hauxe izan da gure Lehendakaria haserre ikusi dudan lehen aldi. Hain urduri jarri naiz ezen hanka altxatu behar izan dut, baina zuhaitzak ahaztu eta arroka baten izkinan egitera joan naiz. Uste dut arrokek ez dutela sufritzen.

 

Laguna

Argia astekarian argitaratutako artikulua

Zabaldu gaur goizean etxeko atea eta belar-ziri lodi eta txit berde bat aurkitu dut sarrailaren ondoan trabeska. Eskuak buruak baino azkarrago ibiltzen dakienez, behatzekin heldu diot zertan ari nintzen ere pentsatu gabe, eta hor non, ukitu orduko, belar-ziri lodi eta txit berdeak kako baten forma hartu duen. Atzera egin du orduan Eskuak, eta Buruari egin dio toki. "Zer belar arraroa!", adierazi du Buruak. Eskua mesfidati aurreratu da berriro, eta zain geratu da belar-ziri berde okertuaren parean. "Kontuz ibili", adierazi dio Buruak.

Tarte batez gelditu egin da dena etxeko atean, eta estanpa moduko bat osatu dugu nik, Eskuak, Buruak eta ateko belar-ziri txit berde eta kako formakoak. Baina kliskatu ditut begiak hiru aldiz, begiratu dut hirugarren aldiaren ondoren aterantz, eta belar-ziri lodi eta txit berdeak ez zeukan okerdurarik. Lehengoa zen berriro. "Zomorro bat izango da agian", esan du Buruak, bere ospeari ohore egin eta denoi aurrea hartuz. "Holako handia?", galdetu dio apalki Eskuak haren neurria bi behatzekin hartuz.

Gure kezka eta gogoeta guztien objektuak eraldaketa berri bat izan du une hartan. Burutxo zorrotz, distiratsu bat erne zaio erpinetik, poliki poliki guregana jiratu dena. Burutxoak miniaturazko suge batena zirudien, eta bi koxkor zeuzkan, zein bere zirrikituarekin. Hantxe zeuden bere begiak guri begira.

Eskuari segituan kendu zaizkio neurketa gogoak, eta gerrirantz erretiratu da. "Mantis bat da. Diktioteroen ordenako intsektua -adierazi digu orduan Buruak-. Lehen hanka-parea oso garatua dauka eta ehizarako erabiltzen du. Kopulazioa gertatu eta gero emeak arra jan ohi du". "Euskaraz "marisorgin" edo "txirrina-pantika" deitzen zaio", azaldu du nire Arima filologiazaleak, eta aldi berean, komentarioarekin haserretuta bezala, belar-ziri lodi txit berdeak bere ehizarako hankak erakutsi dizkigu; zerrote batzuen tankerakoak, ez "garatuak" bakarrik. "Holako zomorro bati "marisorgin" edo "txirrina-pantika" deitzea ere…" egin du Buruak hasperen.

Etxeko sukaldera joan naiz lasterka, eta azeitunak gordetzeko erabiltzen dudan plastikozko ontzi handi bat hartu dut. Hamar segundo geroago, ate ondoan berriro, Eskuak aski trebezia handiz mugitu du ontzia, eta belar-ziri lodi txit berdea bertan sartzea lortu du.

Sukaldeko mahai gainean utzi dut gatibua, eta begira gelditu natzaio, kikara bete kafe Eskuan. "Bere buruak miniaturazko suge batena dirudi egiatan", baieztatu du Buruak. "Eta egia da bere ehizarako hankak otoi egiten ari den norbaiten jarrera gogoratzen dutela -jarraitu du-. Ez da harritzekoa askok santateresa deitzea". Oroimenaren txanda heldu da orduan. "Zure kide bat ikusi nuen behin Remelluriko ermita ordean -esan dio gatibuari-. Hura ere plastikozko kaxa batean sartuta zeukan Amestoy pintoreak. Ikustekoa zen nola jaten zituen armiarmak artean bizirik zeudela. Zuen aho hori oso indartsua iruditu zitzaidan!".

Eskua urduri zegoen ordurako, eta bost edo aldiz jarri dik kafe kikara ezpainetan. "Eta zuen beste ohitura hori, kopula ondoren arra jatekoa?", jarraitu du Oroimenak Eskuari jaramonik egin gabe. Belar-ziri lodi txit berdea zutik jarri da plastikoaren bestaldean, adi. "Egia al da Milleten "Angelus" ospetsuko andrea, zure arabera egina dagoela?".

Hots handi bat entzun da hartan. Eta beste bat jarraian. Nire Eskua ukabik bihurtuta zegoen eta kolpeka ari zen mahaian. "Urduri dago", esan du Buruak. "Egonezinez, artega", gehitu dio Arima filologiazaleak. Itolarria sartu zait niri ere, eta sukaldeko leihoa zabaldu dut haize pixka bat sar zedin. Ez da ideia ona izan. Eskuak ez du aukera alferrik galdu, eta ahalik eta urrutiena zakurrak etzanda zeuden belardiraino bota du ontzia. Hogei segundo, eta plastikozko ontzia zirtzikatua zegoen, eta bertako gatibua, hilda. Pena bat, aspaldi honetan eduki dudan interlokutore bakarra galdu baitut betiko. Lagun bat, esan daiteke.

 

Bernardo Atxaga